«Jaia ez da jaia. Denok aske ez bagara»: Hau da Arabako Errioxako gazteen mezua jaiez gozatzeko
«Jaia ez da jaia. Denok aske ez bagara»: Arabako Errioxako gazteek jai feministak eta eraso matxistarik gabekoak eraikitzeko hausnartu dute
Arabako Errioxako Kuadrillako Berdintasun Zerbitzuak indarkeria matxista prebenitzeko kanpaina bat garatu du maiatza eta ekaina bitartean, jai-giroko testuinguruetan arreta jarrita. Kanpaina Laguardiako IES Samaniego institutuko, ASSA Ikastolako eta Oiongo San Bizente Ikastolako DBHko 4. mailako ikasleei zuzendu zaie, eta BERHEZIk dinamizatu du.
Tailer parte-hartzaileen bidez, gazteek hausnartu dute nola bizi ditugun jaiak, zer jokabidek sortzen duten ondoeza edo indarkeria eta zer jarrera behar diren aisialdi-eredu bat eraikitzeko, errespetuan, askatasunean eta zaintza kolektiboan oinarritua. Besteak beste, baimena, presio soziala, espazioen okupazioa eta eraso matxistak prebenitzeko erantzukizun partekatua landu dira.
Esperientziak erakutsi du jaiaren gaia abiapuntu hartuta balio feministak lantzea bereziki egokia dela nerabezaroan. 15 eta 16 urte bitartean, gazteak esperientzia berriak bizitzen hasten dira eta euren identitatearen zati handi bat berdinen arteko harremanen bidez eraikitzen dute. Jaiak erdigunean daude bizi-etapa honetan, eta aukera paregabea eskaintzen dute berdintasuna, zaintza, mugak eta askatasuna lantzeko.
Beste ikaskuntza garrantzitsu bat izan da gazteengana haien bizipenak aitortuz hurbiltzearen garrantzia. Parrandari buruz dituzten ideiak entzuteak, taburik eta epairik gabe, eta ideiok hausnarketarako espazio bihurtzeak aukera eman du berdintasunari lotutako gai konplexuak modu hurbil eta esanguratsuan lantzeko. Ikuspegi horrek ikasleen inplikazio handia sustatu du, eta haiek izan dira, gainera, Arabako Errioxako hainbat herritako jaietan zabalduko diren sentsibilizazio-mezu eta materialen sortzaile.
Kanpainak agerian utzi du, halaber, premiazkoa eta beharrezkoa dela nerabeekin jai-eredu feministak lantzea. Ez da soilik eraso matxistarik gabeko jaiak irudikatzea; harago joan nahi du, pertsona guztiek beldurrik gabe, gozamenetik eta askatasunez beren nortasuna garatu ahal izango duten jaiak eraikitzera.
Izan ere, jai berdinzaleak ez dira indarkeriarik gabeko jaiak bakarrik: pertsona guztiok aske eta seguru sentitzen garen jaiak dira.
Bideo bat ere egin dute: "Jaia ez da jaia. Denok aske ez bagara" eta material grafiko anitza.

