Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Festaren 26. edizioak badu irudia
“Maitasuna” kartela, Ruben Lucas murtziarrarena, izan da 2019ko Mahats Bilketaren Festako kartel lehiaketako irabazlea. Diseinua, ilustrazioa, marrazketa edo argazkilaritza dira autoreak bere egunerokotasunean lantzen dituen alderdi artistikoak, neurri handiagoan edo txikiagoan obra honetan islatuta ikus ditzakegunak. “Maitasunak” festako protagonismoa aitortzen die urtero egun hau ospatzeko Arabako Errioxara bertaratzen direnei. Atzealdean Mañuetako elementu arkitektoniko desberdinak ikusten dira eta horren aurrean familia batek jaiaz gozatzeko gonbita luzatzen digu. “Erabili ohi dudan pertsonaia estilo bat da. Bikote batek laztanak egiten dizkio elkarri eta, bitartean, behean haur bat ikus daiteke –badaude berriz ere nagusiak euren gauzekin- keinua jarriz” azaldu du autoreak.
Arretaz begiratuz gero, herriko armarriak, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillakoak eta eskualdeko logoak aurtengo hitzordua non izango den kokatzen digute, izan ere, Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Festaren 26. edizioa Mañuetan ospatuko da irailaren 15ean.
Egileak egunaren eta Arabako Errioxaren izaera ongi jaso ditu, festa hau ezagutzen ez duen arren. Aurten aldatuko da hori, izan ere, irailean Mañuetara hurbilduko da. Kartel irabazlea epaimahai bikoitzak aukeratu du: profesionalez osatutako epaimahai teknikoak parte-hartzaile guztien artean azken fasera pasatuko diren bost obra aukeratu egiten ditu eta festaren antolakuntzako ordezkariek, bost horien artean, irabazlea hautatu.